Lauaxeta
Ikastolan, IKTei emoten deutsegun garrantzia dala eta, iPad-aren inguruko
proiektuak eta orokorrean ikastolan erabiltzen doguzan teknologia barriak
(Moodle, web-a, sare sozialak, blog-ak, eskola 2.0., portatilak, …) koordinatu
eta definitzeko asmoz, IKT lan taldea sortu barri da.
Azken baten,
gaur eguneko ikasleak aro digitalean jaioak doguz eta euren etorkizunerako
prestakuntza eta hezkuntza badoguz helburu, ezinbestekoa da teknologia barriei
ere aditzea. Gaur egun eta etorkizuneko gizartean, teknologia barriak
erabiltzen jakin behar dabe eta honeen erabilera egokia egiten, euren
mesederako eta inoiz ez kalterako izan daitezan.
Talde honen
zeregina, proiektuak, taldekideak eta asmoak ezagutzeko, eurekaz alkarrizketatu
gara.
Zer da IKT taldea?
Lauaxetaren
leloak dinon moduan, pertsona garatuz gizartea eraiki nahi badogu, beharrezko
dogu hezkuntzaren barne teknologiei ere aditzea, oraingo eta etorkizuneko
gizartean teknologia barrien presentzia nabarmena da eta. Zentzu horretan,
Lauaxeta Ikastolan martxan jarri doguzan proiektu/ metodologia berrikuntzak,
teknologia barrietan oinarritzen dira kasu batzuetan edota honeen beharrizana
dabe aurrera eroan ahal izateko.
Holan
izanda, azken urteotan, Lauaxeta Ikastolan teknologia barriek dauken presentzia
eta ugaritasuna geroz eta nabarmenagoa da:eskola 2.0 portatilak, iPad.ak,
arbela digitalak, irakasleen portatilak, web-ak, blog-ak, sare sozialak,
alexia, app-ak, geletako baliabide desberdinak, …
Garrantzi
eta ugaritasun honeri erantzuteko eta honen islada bezala, Lauaxeta Ikastolako
Informazio eta Komunikazio Teknologia desberdinak koordinatuko ebazan talde bat
eratzea pentsatu gendun, IKT taldea.
Zeintzuk dira zuen zereginak?
Gure
zeregina, Lauaxeta Ikastolan teknologia barrien arloan emon beharreko pausuak
definitu, koordinatu eta gauzatzea izango litzateke. Horretarako, taldekideen
artean disziplina eta esperientzia edo ikuspuntu desberdinetako pertsonak bildu
doguz, IKTen arloan emoten doguzan pausuak ahalik eta aberatsagoak izan
daitezan ikuspuntuei dagokienez eta aldi berean, ikastolan zehar euren hedapena
erreztuz.
Zeintzuk dira epe laburrera daukazuezan asmoak?
Ikasturte
honetan, aurreko ikasturtean martxan egozan proiektuetaz gain proiektu barriak
jarriko dira martxan. Batetik 1x1 iPad proiektua, LMHko 4.mailan eta DBHn.
Proiektu honeri erantzuna emoteko, hainbat ekintza planifikatu eta gauzatuko
dira, bai ikasle, irakasle eta gurasoei begira: azalpen batzarrak, formazioak,
gidak, proiektuaren inguruko web bidezko informazioa (http://ipadproiektua.wix.com/1x1lauaxeta), …
Bestalde,
aurten, Alexia programari dagokionez, beste lerro barri bat zabalduko da,
ikastola-familia arteko komunikazioa erreztu eta hobetuko dauana eta honek ere,
gure aldetik egin beharrekoak definitu eta gauzatzea eskatzen dau: formazioak
irakasle eta gurasoei, …
Eta epe luzeagora begira zein uste dozue izango dala IKTen garrantzia
hezkuntzan?
IKTen mundua
oso bizkor eraldatzen doa eta aldaketak batzutan ezin izaten dira aurreikusi
ezta, baina hezkuntzaren mundutik ezinbestekoa dogu, arlo honeri etengabeko
begirada botatzea, beti ere teknologia berrietatik irakaskuntzaren berrikuntza
eta ikasleen garapena helburu izanez.
Testuinguru
honek aditasuna eta erantzunen bizkortasuna eskatzen dauz eta zeregin hori
daukan talde bat izateak eta talde honen kideak disziplina eta ikuspuntu
anitzekoak izateak, horretan lagunduko deuskula uste dogu.